martes, 2 de marzo de 2010

NON GOGOA, HAN ZANGOA

Ez du huts egiten. Scorsese beti maisu. Zezen basatiaren (Toro Salvaje) asmatzaileak, beste behin ere, aho bete hortz utzi gaitu bere maisu lan berriarekin, Shutter Island.

Hasieratik bukaerararte gozatzeko gozokia dugu Hitchcock handia gogora ekartzen digun filme hau. Eromenaren eta osasun-mentalaren artean eta identidade faltsukerian oinarritzen den thriller honek hotzikarak eragingo dizkio pantaila aurrean jarriko den orori.

Gerra hotzaren garaian, Teddy Daniels (Leonardo DiCaprio) agente federalak, bere etxea utzi, eta Boston-go Shutter Island deituriko irlara egin beharko du bidaia Ashecliffe segurtasun handiko ospitale psikiatrikora. Bertan argitu beharreko inkognita baten aurrean aurkitu dira, bai bera, eta baita bere lankide den Chuck ere: kanpoaldetik giltzez itxita dagoen gela batetik alde egitea lortu du hiltzaile arriskutsu batek.

Nork lagundu dio hiltzaile arriskutsu horri bere ihesaldian?
Rachel Solando emakume gaztea da bera, bere hiru seme alabak ito zituen laku batean, eta dirudienez ospitaleko hiltzailerik arriskutsuena da bere hilketa onartzen ez duelako.

Honen desagerketa argitzea oso garrantzitsua da, eta honetarako, hiltzaile honek utzitako eskutitzak baino ez dituzte izango kasua argitzeko bi detektibeek, baina ospitalean laguntza baino kontrako jarrerak aurkitzen dituzte, eta gure protagnistak konspirazio usaina hartuko dio guzti honi.

Hau da zehatz mehatz filmea hain interesgarri egiten duena; protagonistaren ustea ikusentzuleari kutsatzen baitzaio. Zoramenaren zoko ilunetan barneratuko gaituen master piece-a da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario